Ameriketako Estatu Batuetako geografia
Osoa | 9.833.517 km² |
Lehorra | 9.147.593 km² |
Ura | 685.924 km² |
Latitudea | 38°0' N |
Longitudea | 97°0' W |
Mugak | |
Kanada | 8.893 km |
Mexiko | 3.155 km |
Itsas erreklamazioak | |
Ondoko eremua | 24 itsas milia |
Jurisdikziopeko urak | 12 itsas milia |
Muturreko garaierak | |
Puntu beherena | -86 m (Heriotzaren harana) |
Puntu gorena | 6.190 m (Denali) |
Ameriketako Estatu Batuak Ipar Amerikako errepublika federala da, 50 estatuk eta barruti federal batek osatzen dutena.
Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialdeak Ipar Amerikaren erdialdea hartzen du, et baita Alaska, Hawaii, eta Ozeano Bareko beste eskualde txiki batzuk ere. Estatu Batu kontinentalek 7.825.268 kilometro koadroko eremua hartzen dute; iparraldean Kanada dute, ekialdean Ozeano Atlantikoa, mendebaldean Ozeano Barea, eta hegoaldean Mexiko eta Mexikoko golkoa. Alaska estatuak Kanada du ekialdean, Ozeano Barea hegoaldean, Ozeano Artikoa iparraldean eta Bering itsasartea mendebaldean; 1.717.854 kilometro koadro da luze-zabalean. Hawaii estatua Ozeano Bareko uhartedia da, kontinentetik 3.200 kilometro hego-mendebaldera dagoena.
Eskualde fisiografikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu Batu kontinentaletan zortzi eskualde fisiografiko nagusi bereizi ohi dira, ipar-ekialdetik mendebaldera:[1]
- Laurentiar goi-lautada, herrialdearen iparraldean, Aintzira Handien inguruan. Ezkutu Kanadarraren zati da.
- Lautada Atlantikoa, ekialdeko eta hegoaldeko itsasaldeak hartzen dituena, plataforma kontinentala barne.
- Appalacheak, ekialdean, Ozeano Atlantikoaren kostaldetik hurbil. Appalache mendikatea, Blue Ridge, Watchung mendiak, Adirondacks, White Mountains eta Ingalaterra Berria probintzia hartzen ditu. Mitchell mendia da gailurrik garaiena (2.037 metro).
- Barnealdeko lautadak, herrialdearen erdialdean, Ordoki Handiak barne.
- Barnealdeko goi-lautadak, herrialdearen erdialdean, Ozark goi-lautada barne.
- Mendi Harritsuak, mendebaldeko estatuen barnealdea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duena.
- Mendiarteko goi-lautadak, goi ordoki, beheragune, mendigune eta arroil sistema da, Mendi Harritsuen eta Bareko kostako mendikateen artean dagoena. Columbiako goi-ordokia, Coloradoko goi-ordokia, Arroila Handia, Arro Handia eta Heriotzaren harana hartzen ditu.
- Bareko kostako mendikateak, herrialdearen mendebaldeko itsasaldean.
Alaskan dago Estatu Batuetako gailurrik garaiena, Denali (6.194 metro), eta Kaliforniako Heriotzaren haranean punturik beherena (-86 metro).
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu Batuetako lurralderik gehiena Mississippiren arroan dago. Mississippi ibaia, Missouri adarrarekin batera, munduko luzeena da. 1.970 kilometro egin ondoren Mexikoko golkoan itsasoratzen da. Rio Grandek, berriz, Mexikorekiko muga eratzen du. Hori ere Mexikoko golkoan itsasoratzen da. Ozeano Barera isurtzen diren ibaiak dira Colorado, ahoa Kaliforniako golkoan duena, eta Columbia. Ozeano Atlantikoan itsasoratzen direnak laburrak dira. Appalache mendietan dute iturburua eta nagusiak Hudson, Delaware, Potomac, Susquehanna eta Savannah dira.
Estatu Batuetako aintzirarik zabalenak Aintzira Handiak dira, Kanadaren mugan: Superior, Huron, Michigan, Ontario eta Erie. Aintzira horiek San Laurendi emari handiko ibaiak lotzen ditu. Erie eta Ontario aintzirak Niagara ibai laburrak lotzen ditu.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alde handiak daude eskualdetik eskualdera Estatu Batuetan, bai garaieragatik, bai Atlantiko edo Pazifikoko itsaslaster hotzengatik; baina klimaren eragile nagusia haizea da: iparretik hegorantz trabarik gabe dabilela eta Mexikoko tropikotik datorren haize bero hezeak aurrez-aurre topo egiten duela Ipar polotik datorren haize hotz eta lehorrarekin. Kaliforniako itsasertzean oso hezea da klima. Oro har, bi multzo nagusi bereiz daitezke: mendebaldea, lehorra, Mendi Harritsuetatik Kostako mendikateraino hedatzen dena, eta ekialdea, hezea. Floridako klima, berriz, tropikala da. Mexikoko golkotik Ohioko haranera hedatzen den lurraldeak klima kontinentala du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018-02-09 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Physiographic Regions. tapestry.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2018-2-10).